XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irlandara. Haren historia eta egungo estatua

II - GORATZAPEN ETA ERORTZAPEN

Ikhusi dugu Irlandako bizitzaile guztiak, indieuropar ethorkiko izaki ala ez, goidel izaturik zirela Germanen lehen invasioneen garaian (VII-eta IX-garren mendeetan), eta populu bategin bat moldatzen zutela hizkuntzaz den bezembatean: Irlandara zen orduan Irlandarren mintzara kommuna.

Gehiago dena, herriko mintzara nazionala zen egiaz, erran nahi baitu, ez bakharrik gizarte-mail guztiek zerabiltela egun orozko beharki bakhunen adieraztekotz, bainan Estatuak, Jakintzak, Irakaskintzak, hots, gizalantzaren sail orok hura zuela usatzen.

Bertzelako agiri zaizku ikhusgune hortarik gainerateko Sarthade-tar herrialde guztiak: hoiek, nazione bihurtu diren egunetik, Latina hartu edo, zehazkiago erran, begiratu dute gizalantzaren kontzeptu gorenen expressatzekotz, herriko hizkuntza, jakintsuek eta eskoladunek gutietsirik, jende arrunten usantzarako zegoelarik soilki, berari ere hizkuntza arrunta edo populu-hizkuntza arbuiozko deithura zatxikola.

Adibidez, denek dakite bertzerik ez duela erran nahi deutsch izenak: Alamaniako elizagizon latindunek izen hori asmatu zuten beren herritar eskolatu gabeen mintzarari erraitekotz (teotisca lingua = teuta, h.d. populuaren hizkuntza).

Halaber ari izan ez ba dira Irlandako jakintsuak eta eskoladunak, ez othe da izaro pherdea Erromak beretu ez zituen Europako lurralde urrietarik bat delakotz?.

Horrela ez daritzait, ezen ez da ahantzi behar Irlandarrak politikaren aldetik beren gain egon ba ziran ere, asko goizik Latinen kultura eta hizkuntza ezagutu zituztela Khristiarren propagandari esker.

451-garren urthean zuen Zelestin aitasainduak Palladius misionesta Hiberniarat igorri; eta hartarik landa laster, Patricius hospetsuak harrigarriko obra egin zuen erlisione berriaren hedatzeari buruz, hala non erran baitaiteke Irlandarrik gutiz gehienak khristiar zirela 500-garren urthearen inguruan.

Uste izaiteko da Latin kultura ezagutu baino lehen Irlandarrak ez zegozela ispiritu eta enthelegu laneginik batere gabe, ezen Keltak ez ziran basati batzu, aitzitik, metaphysika bat oso landua irakasten zuten aho-mihiz, oihan sakonetako zuhaitz sainduen gerizan, beren sakerdote druida zaritzaienek, Aitzinateko authoreen idazkietarik dakigun bezala lur-handiko Keltez den bezembatean.

Druidak izaroetan ere ba ziran, Britannian eta Hibernian, eta heiei esker beren oguzko kultura bat zedukaten Goidelek; gainera, enda guduzale batentzat egoki den araura, epopeia eta kantu heroiko andana bat belhaunetik belhaunera heleraziak ezagutzen bide zituzten.

Egia da hargatik mundu klassikoaren hunkitzeak duela egiazko kulturaren hazia erein Irlandan.

Oroz lehen Latinen ganik Goidelek idaztea ikasi zuten egungo hizkuntzaren hiztegiak oraino erakhusten duen bezala: scríobhaim = scribo; léighim = lego; eta bertze hitzik anhitz idazteari dagozkienak Latinetik dathoz.

Zer nahi den, beren burua Erromaren influentzari emanagatik eta Latinnen ganik ikasi ba zuten ere zer den kultura, beren hizkuntzan dute Irlandarrek kultura hori mintzerazi nahi ukhan, Europako nazione errandelako argituek asko berantago segitu behar zuten bide bat erakhusten zutelarik horrela.

Exemplutzat, XVI-garren mendean baizik ez du Frantsis Lehenak, batezere Villers-Cotterets-ko manamenduaz, 1529 Frantsesa ezarri Frantziako estatu-hizkuntzatzat eta ez ditzagula aipha nazione ttipiak, Euskalherria eta Bretainia bezala, beren hauzo etsaien mintzararen onhartzekotz baizik Latinaren usantza utzi ez dutenak...

Hala ere, Irlandara ba da izan kultura-bide Irlandarrentzat, horrek ez du erran nahi den ttipien aiherkunderik ba zutenik Latin handiaren eretzean.

Aitzitik, eskoladun guztiek ba zakiten eta ba zerabilaten herriko hizkuntzarekin batera eta hobekiena da erraitea ispirituaren bizia bi hizkuntzetan expressatzen zela Irlandan.

Bai eta, aski paradoxalki, Irlandarrei zor zaie Latinaren irautea Europan: Gallia, Italia, Hispania, Britannia, hots, Europarren sarthalde gustia Germanen memperat erorten zelarik eta enthelegu-bizi oro dembora batentzat itzaltzen zelarik herrialde hoietarik, Irlanda, bere egonguneari esker, bazter zegoan Basatien invasioneetarik eta haren elizagizon eta bertze letradunek aitzina joan ahal izan ziran Kikeroren hizkuntza atxikiz, Cú Chulainn-enarekin batera....

Eta German nagosi berriok, beren authoritatea segurki sendoturik, berek ere kulturaren atseginak ezagutu nahi ukhan zituztenean, Irlandarrak behar izan zitzuten deithu Latinaren jakitea lur handiko ikasetxeetan berphiztekotz.

Irakasle parte hau begiratu zuten Irlandarrek German guztiak Khristen erlisionerat, eta dembora berean hunen lagun zethorkien Grek-Latinen zivilisazionerat bil arteo izari handian Goidel misionesten zabalkundeari esker, gainera azken hauiek baitzuten orduan kulturaren zaintzeko eta hedatzeko ardura beren gain hartu Europan, Afrikako eta Asiako basatien aitzinean.